Eredua
Landaketa ezartzeko taldekako landaketaren metodoa diseinatu da. Honetan, lurzoruaren zati bat baino ez dago agerian. Izan ere, maldan zehar 5 m-ko zabalerako errenkadetako ota zuriz betetako sastrakak eskuz kendu dira. Ilara horietan, hain zuzen ere, landaketa egin da. Era horretara, zuhaitzak landatzea dakarren lurzoruaren degradazio fisikoa eta kimikoa ekiditen da. Ota zuriz eta beste sastrakaz osatutako 3 m zabalerako errenkadak ukitu gabe utzi dira.
Landaketa, zerrategirako egurra sortzeko adin bereko masa moduan landuko da eta Zuhaitz Uzta deituriko metodoan oinarrituko da. Sistema honen arabera landaketa osoan dentsitate altuko masa mistoa ezarri da, azkeneko uztarako ezaugarririk onenak dituen aleak garaiz aukeratu ahal izateko.
Espezie nagusia gereziondoa da eta oso dentsitate baxuan (8 x 8 m) ezarri da, txandaren amaieran espero daitekeen dentsitatetik oso gertu dagoen bakanketan izateko asmoarekin. Honekin ere, ezartze- eta zaintze-gastuak gutxitu egin nahi dira, lanak balioa duen espeziean oinarrituko direlako. Urkia, berriz, espezie laguntzaile moduan jartzen da eta beti dentsitate handiagoan (2 x 1,5 m). Urkiak, gereziondoa albotik babestuko du, bere hazkunde apikala bultzatuko du eta alboetako adarren diametroa murrizten lagunduko dio.
Erabiliko den uzta-metodoa 35-40 urtera ebakiko den Babeserako Mozketa izango da. Masa apurka-apurka erauztean oinarritzen da. Hasierako etapan espezie nagusia, gereziondoa, batuko da, eta bigarren mailako espeziearen, hots, urkiaren mozketa, merkatu-aukeraren araberakoa izango da, atzeratu ahal izango delarik. Kasu honetan, urkiaren babespean beste masa jarri ahal izango da, dentsitate baxuan espezie hau oso egokia eta gomendagarria baita beste espezie batzuen babeserako.
Helburuak
Kudeaketa-Plangintza honek bilatzen duen helburua modu jasangarrian eta erabilpen anitzetik kudeatutako basoek sortzen dituzten onura ekonomikoak, onura sozialak eta ingurumen-onurak uztartzea da.
Asmo honekin gereziondoz eta urkiz osotutako baso-masa mistoa ezarri da, oso intentsiboak ez diren tekniken bidez kudeatuko dena, 40 urteko epean kalitatezko gereziondo-egur izango dugula ziurtatuko duena eta utzitako urki masari esker berezko zaharberritze-prozesuak jasan ahal izango duena.
Azken produktutzat kalitate handiko zerragintzarako gereziondoa, hots, adabegirik gabeko 4 metroko zurtoina duena lortu nahi da. 40 urtetan 160 m3/ha-ko eta 32 cm-ko batez besteko diametroko ekoizpena lortzea espero da.
Jarraipena
2011. urte arte landaketan, urtero ondoko lanak egin dira:
1-3 urteak: landareen inguruan egindako terrazak mantentzeko ondoztatu egin dira. Honekin higadura ekiditea, gune honetan ur-zurgapen egokiago izatea eta landareei egonkortasun handiagoa ematea bilatu nahi da. Landatutako ilaran sastrakak kentzea, garoarenak batez ere, eta garbiketatik lortutako landare-materiaren hondakinekin mulching-a egitea.
3. urtea: 16 gereziondoren lehendabiziko formazio-inausketa egin da ekainean. Urkuludun zuhaitzetan bigarren gida kendu eta gida nagusia birzuzentzeko lokarriak erabili dira.
4. urtea: bigarren formazio-inausketa uztailean egin da, 25 gereziondotan eta espezie horretako zuhaitzetan teknika honen bidez zuzendutako gida nagusiak nagusitu direnean eta gorantz hazi direnean lokarriak kendu egin zaizkie.
5. urtea (2008): sare-begi babesleak jarri gereziondoen enborren inguruan kalteak ekiditeko. Basurdeak landareen azalean eragindako kalteak nabarmenagoak izan dira azken urte honetan eta batez ere gereziondoan. Seguruenez, hasieran errenkaden artean pilatutako landareen hondakinen deskonposaketa handitu denez, orain landaketa-errenkadetara heltzea errazago gertatzen zaie animaliei.
8. urtea: (2009-2011): sasoi honetan lehen bakanketa gauzatu da, hain zuzen ere gerizondoei leku gehiago uzteko helburuaz. Urkien %16 inguru moztu da, batez beste 7 cm-ko diametrokoak. Urkien hautaketa, banan-banakakoa izan da, hau da soilik moztu dira euren gehiegizko tamainagatik gerizondoen garapena harriskuan jarri ditzaketanak.
Espezie printzipalaren altueraren hazkunde-tasa 0,5 m/urtekoa izan da eta diametroarena berriz 0,6 cm/urtekoa.
Gaztañerreko gerizondo eta urkien batez besteko hazkundea. Mendi-mazelaren goialdean eta leku argitsuenetan gerizondo batzuk 5 m-ko altuera gainditzen dute euren 8. urtean.
Maldan hartzen duten kokapena berebiziko garrantzia du espezie bietako landareen garapenean. Beraz, landareak hobeto hazi dira mendi-mazelaren goialdean eta hobeto argiztatutakoan behealdean baino.
Mendi-mazelaren goialdean eta erdialdean gereziondoaren batez besteko altuera 4,0 m-koa da eta urkiarena 5,0 m-koa. Orokorrean, urkia gereziondoa baino azkarrago hazi da, batez ere mendi-mazelaren goialdean eta erdialdean, gereziondoa baino %20 altuago direlarik, eta urtez-urte honela mantentzen da.
Batez besteko hazkunde ezberdintasunak, espezie biek maldan duten kokapenaren arabera
Jabearen iritziak
Jabearen motibazioak
Urdaibaiko baso-azaleraren %2 baino ez denez baso atlantiarra eta behin eta berriro egiten diren baso-inbentarioek argi uzten dutenez espezie autoktonoekin egindako landaketek ez dutela protagonismorik berreskuratzen Biosfera-Erreserban, Bermeo Udala ekimen honetara gehitu da. Horrela, bere Herri Mendien artean espezie autoktonoak erabiltzen dituen baso-ustiakuntza berriko ekimenetan oinarritutako kudeaketa alternatiboen adibideak izan nahi ditu.




